Laster arte!

Pandemia dela-eta, ikasturte honetan batxilergoko ikasle boluntarioek ezin izan dituzte Matia Fundazioko egoiliarrak bisitatu, eta ez dute Zorroagan Gabonetako jaialdia Gero Axular Dantza Taldearekin ospatuko. Era berean, gazte eta nagusiek ezingo dute Danborrada elkarrekin jo eta, seguru asko, kurtso bukaeran Matiako aitona-amonak ez dira ikastolara etorriko Haur Hezkuntzako umeen eskulanak jasotzera, beren kantuak entzutera, ezta boluntarioekin meriendatzera ere. Edonola ere, Matia Fundazioko lagunoi gogorarazi nahi dizuegu ahal bezain laster berriro ere ekimen horiek guztiak berreskuratuko ditugula eta, azken 22 urteotan bezala, elkarrekin izango garela.

Zuen esperientzia aberasgarria delako, zuekin gustura gaudelako eta liburu eta sareetan ikasi ezin diren baloreak erakusten dizkiguzuelako elkar ikusteko irrikitan gaude.

Eguberri on, urte berri on, eta laster arte!

Esteka honen bidez, belaunaldien arteko gure boluntariotza-proiektuaz gehiago jakin ahal izango duzu.