HASTEKO HISTORIA PIXKA BAT
20 urte baino gehiago dira ekaineko lehen larunbatean, Ikastolaren Eguna ospatzen dugula. Sorreratik, ospakizun hau une berezia izan da Axular Lizoeko hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztiontzat. Familiak, ikasleak, langileak... denok elkartzen gara egun honetan, ahalik eta gehien gozatzeko asmoz. Urteetan zehar, ikastolaren egunak bilakaera izan du, baina bere esentzia berbera da: Axular Lizeoaren egun handia ospatzeko elkarketa sustatzea.
Ikastolako egun handi honek bi une garrantzitsu ditu:
- Eskolaz kanpoko jardueren erakustaldia: Ikastolako eguneko helburu nagusietako bat eskolaz kanpoko jarduerak erakustea da. Familiek, gure seme-alaben talentuak ezagutu eta ikasturte osoan egin duten lana ikus dezakegu. Gainera, haur txikiak dituzten familiek eskaintza ezagutzeko eta hurrengo urteko matrikulari begira ideia bat izateko erakusleiho gisa balio digu.
- Bazkari herrikoia: Bazkari herrikoia eguneko unerik esanguratsuenetako bat da. 20 urte baino gehiago daramatzagu giro atsegina sortzen, bazkariaz komunitatean gozatu ahal izateko. Azken urteetan bazkaria gure jangelako hornitzalea den Ausolanen eskutik jasotzen dugu.
Bi ekitaldi nagusi horien inguruan, jardueren eskaintza zabaltzen joan gara urteetan zehar: zuzeneko musika, erraldoiak eta buruhandiak, apar festa, mahai tenisa...
Eta hau guztia Batxilergoko 1. mailako ikasleen eta langile eta familia boluntarioen lankidetzari esker.
ETA AURTEN, ZER?
- Aurten, ikastolaren eguna ekainaren 7an ospatuko da.
- Beti bezala eskolaz kanpoko jardueren erakustaldia izango dugu (musika, dantza, judoa, xakea...)
- Mahai tenisa berreskuratu dugu eta Ander Cepas, ikasle ohia eta Paralinpiar Jokoetako banakako mahai-tenis txapeldunaren bisita izango dugu. Bestalde, LH6.mailako ikaslea eta Euskadiko txapelduna den Nora Arizmendiren laguntza izango dugu.
- Bazkari herrikoia Ausolanen eskutik izango dugu eta egunean zehar Batxi 1.mailako ikasleek taberna antolatuko dute. Gogoan izan Ikastolaren Eguneko diru-bilketaren zati handi bat ikasle hauen ikasketa-bidaiarako dela.
- Arratsaldean hainbat jolas eta txoko antolatuko ditugu nagusien eta txikien gozamenerako: fotomatoia, aurpegi margoketa, eskulan-tailerrak, mahai jokoen tailerra, ur-zezena...
- Festari amaiera emateko, ohiko apar festa egingo da.
Egun hauetan, HH5-LH6 bitarteko geletatik pasatzen ari gara ditugun proposamenen iritzia jasotzeko, baita ikasleen ideiak entzuteko. Azken finean, gure ikasleak dira festaren protagonista.
ZER BEHAR DUGU?
Gurasoen laguntza behar dugu, bezperako muntaketan laguntzeko eta egunean bertan, batez ere arratsaldean.
Lagundu nahi duen orok galdetegi hau bete beharko du maiatzaren 23a baino lehen, laguntza zertan eman dezakeen adieraziz. Boluntario kopuruaren arabera, proposamenak aurrera aterako dira ala ez.
BAZKARI HERRIKOIA
Bazkariko txartelak idazkaritzan salgai egongo dira maiatzaren 30a arte. Ordainketa eskudirutan egingo da zein taldetan bazkaldu nahi duzuen esanez (gelako taldea, kuadrilla...). Bazkari-egunean txartela aurkeztea ezinbestekoa da.
HELDUEN MENUA:
• Entsalada berezia
• Sahieski errea patatekin
• Idiazabaleko gaztazko tututxoak irasagarrarekin
• Ogia
• Garagardoa (alkoholik gabekoa), freskagarriak, ura
• Kafe, esnea eta infusioak
Prezioa: 22€
HAURREN MENUA:
• Makarroiak tomate eta gaztarekin
• Txahal hanburgesak saltsan patatekin
• Smarties izozkia
• Ogia
• Freskagarriak, ura
Prezioa: 13€
- OHARRAK:
- Ez da alkoholik zerbitzatuko (Apirilaren 7ko 1/2016 Legea).
- Egun horretan elkartuko garen bazkaltiar kopurua dela eta, alergiko eta intoleranteek behar duten segurtasuna bermatzea ezinezkoa izango da. Beraz, ez ditugu menu bereziak zerbitzatuko. Pertsona hauek etxetik bere bazkaria ekartzeko aukera izango dute (txartekak erosterakoan komunikatu beharko diguzue mahaian lekua gorde ahal izateko).
Gure egun handi honetan parte hartzera animatzen zaituztegu!
Aupa Axular Lizeoa!