Hezkuntza

Guraso eta irakasleen lankidetza estuaz, Euskal Herriko kulturaren barnean, balore demokratikoak dituzten eta gizartearen erronkei aurre egiteko prest egongo diren pertsona eleanitzak hezten ditugu.

Informazio gehiagorako gurekin harremanetan jarri

Bigarren Hezkuntza. Metodologia

Bigarren Hezkuntza. Metodologia

Bigarren hezkuntzan ere, gainontzeko etapetan bezala, gure helburu nagusia zehaztutako pertsona eredua garatzen jarraitzea da.

Axular Lizeoan gure hezkuntza eskaintza momentuko behar eta garaietara egokitzeko ahaleginak egin izan ditugu beti. Azken urteetan hezkuntza-sistemak paradigma-aldaketa behar zuela ikusita, beste ikastola batzuekin elkarlanean eraldaketa-prozesua martxan jarri genuen. Lan horren emaitza izan da gure ikastolako hezkuntza-eredu berria.

Helburu hau bermatzeko asmoz, gure ikasleen egun eta asteak moldatu ditugu beraientzat  esanguratsuak diren esperientziak bizi ditzaten. Hori dela eta, hona hemen DBH 1-2-3 mailetako antolaketa.

DBH 4. mailan berriz aldaketa xume batzuk ditu eredu honek. Etapa baten amaierara iristen dira gure ikasleak eta hainbat erabaki hartzeko unea dela uste dugu. DBH amaitzean ikasleek (familiekin batera) erabaki beharko dute ikasten jarraitu nahi duten edo lan mundura jauzi egin nahi duten. Ikasten jarraitzekotan ere batxilergoko bidea hartu edo erdi-mailako lanbide heziketako ziklo batera bideratu nahi duten erabaki beharko dute.

Erabaki potolo horietara iritsi aurretik ordea, garrantzitsua iruditzen zaigu DBH 3tik 4ra ikasleek gustukoago dituzten ikasgai batzuk hautatzen hastea, beraien ibilbidea zehaztuz joateko. Hori dela eta, disziplina arteko proiektuak alde batera utzi eta hautazko ikasgaiak ditugu DBH 4. mailan. Ikasgai horien barruan, proiektu disziplinarrak ere jorratzen dira.

Gure ikasleen orientazio prozesua askoz lehenagotik hasten badugu ere, DBH 4. mailan garrantzia nabarmena hartzen duen gaia da. Hainbat material, ekintza, bisita, tailer et abarren bidez, ikasle bakoitzari bere autoezagutzatik abiatuta bere ibilbidea argitzen laguntzen saiatzen gara.

Aprendizaia esanguratsua

Gure ikasleentzat esperientzia guzti hauek esanguratsuak izatea da gure azken xedea, pertsonaren garapen horretan aztarna uztea.  

Proposatzen diren erronkak motibagarriak, lorgarriak eta ikasle guztiak barne hartzen dituztenak dira, ikasleen arteko elkarlaguntza bultzatuz, hori dela eta, asteko hainbat momentutan modu kooperatiboan lan egiten dute gure ikasleek, IKKI prozedurak erabiltzen ditugularik horretarako. Bakoitza bere ikasketa prozesuaren protagonista dela ikusarazi behar diegu; garen bezalakoak izanik, esfortzu bat eginez iritsiko garela aprendizaia esanguratsuak lortzera.  

Zer da aprendizaia esanguratsua? 

Ikaskuntza esanguratsua da ikasleak ikasten duen hori benetan ulertzen eta lotzen duenean bere bizipen, ideia eta ezagutzekin. 

Ez da soilik datuak edo formulak buruz ikastea, baizik eta zergatik eta zertarako diren garrantzitsuak ulertzea. Gakoa loturak egitea da; ikasleak gai berria bere aurreko esperientziekin eta ezagutzekin lotzea alegia. Horretarako irakasleon zeregin nagusia galdera pertinenteak formulatzean datza, ikasleek erantzunak topa ditzaten. 

Irakaslegoaren funtzioa 

Irakaslearen lana ez da jada ezagutza transmititzea soilik; irakasleok ikasleek dituzte aurre-ezagutzetatik abiatuta, ikasleen garapen maila deskubritu behar dugu, gelako gure jarduna abiapuntu horretatik enfokatzeko. Era berean, familiekin elkarlanean, ikasleei gaur egungo mundua irudikatzen lagundu behar diegu eta mundu hori ulertzeko gatazka kognitiboak probokatzeko gauza izan behar gara. 

Era berean, DBHko etapan gela bakoitzean 2 tutore izatearen aldeko apustua egin dugu (koirakaskuntza). Tutorea da ikasleen erreferentziazko pertsona ikastolan eta ikasleak ezagutuz, gertutasun eta konfiantzatik haien ibilbidean bidelagun edo mentore izatea nahi genuke, konfiantzaren pedagogiaren oinarriak jarraituz. Era berean, ikasgela berean asteko hainbat momentutan 2 tutoreak elkarlanean ikustea ere kooperazioaren eta talde lanaren adibide ederra da gure ikasleentzat.

Ekintzen antolaketa

Kurtsoan zehar hainbat ekintza antolatzen ditugu gure ikasleekin, heziketa ez-formalaren alorrean ikasketa handiak eman daitezkeela uste baitugu.

Kronobiologiari eta, ondorioz, kronopedagogiari erreparatuta, erritmo biologikoak eta ohiko oporraldiak bat ez datozen garaietan (6 astean behin gutxi gorabehera), asteko patroia hautsi eta beste aste mota bat abiaraziko dugu. Aste honetan hezkuntza formala eta ez-formala uztartuko dira. Gainera, ordura arte ikasitako guztia ikaskuntza-zerbitzuarekin bateratzen saiatuko gara. IKAS-BIZI asteek ikaskuntza garrantzitsuak utziko dizkiete gure ikasleei, eta beraien bokazioak ezagutzeko testuinguruak eskainiko zaizkie. Era berean, ikaslea jabetuko da egiten dituen ekarpenek bere pertsona hobetzen laguntzen dutela, baita bizi den gizartea ere.

Adibide gisa, honako eduki hauek lantzen ditugu ikas-bizi asteetan:

  • Zenbait elkarteri edo GKEri buruzko ikaskuntza-zerbitzua.
  • Bokazioak, lanbide ezberdinak eta orientazioa.
  • Konpetentzia motorra eta kirol ezberdinak ezagupena.
  • Ikaskuntza ez-formala (hitzaldiak adituekin, tailerrak, bisitak...).
  • Lehen sorospenak.
  • Sexu-hezkuntza.
  • Ikastolako etapa desberdinetako ikasleen arteko elkarbizitza.
  • Euskal nortasunarekin lotutako jarduera espezifikoak (EHE...).
  • Txangoak eta irteerak (gelan landutakoarekin edo landuko denarekin zerikusia dutenak).
Ebaluazioaren funtzioa- Ebaluazio hezigarria 

Axular Lizeoan ebaluazioa ez dugu soilik nota edo emaitza bat bezala ulertzen. DBHko etapan, ikaskuntza prozesua bera da garrantzitsuena: ikasleak bere aurrerapena ulertzea, hausnarketa egitea eta hobetzeko bideak identifikatzea. 

Ebaluazio hezigarriak aukera ematen die ikasleei autonomia, ardura eta autokontzientzia garatzeko. Horretarako, feedback etengabea, autoebaluazioa eta koebaluazioa erabiltzen ditugu, irakasle eta ikaskideen orientazioarekin batera. Helburua da ikasle bakoitzak bere ikaskuntza prozesuaren jabe izatea, eta ezagutza esanguratsua eraikitzea, bere erritmoa eta gaitasunak errespetatuz.

Gurasoen parte-hartzea ere funtsezkoa da: ebaluazio hezigarriaren bidez, familiek seme-alaben garapena hobeto ezagutzeko eta eskolako eguneroko lanarekin konektatzeko aukera dute. 

Aniztasunaren trataera

Axular Lizeoko DBH etapako lanaren oinarrietako bat da ikasleen aniztasunari erantzun inklusiboa ematea. IDU ikuspegitik (Ikaskuntza Diseinu Unibertsala) jarduten dugu, helburu argiak zehaztuz eta ikasle bakoitzari bere abiapuntutik laguntza pertsonalizatua eskainiz.

Inklusioa ez dugu helburu gisa ulertzen, baizik eta eguneroko jardunaren parte naturala bezala. DBHko ikasleek garapen pertsonal eta akademiko handia bizi dute; horregatik, ikasle bakoitzak jakin dezan nora iritsi behar duen, eta bidean motibatuta eta lagunduta senti dadin, ikaskuntza-esperientziak egokitzen ditugu.

Gure helburua da ikasle guztiek, beren gaitasun, interes eta erritmoak kontuan hartuta, arrakasta akademikoa eta pertsonala lortzeko aukera izatea.