Ikasturte-hasiera iritsi da. Egunak daramatzagu gure ikasleek merezi duten harrera prestatzen.
2021-2022 ikasturtea erronka askorekin datorkigu eta horiei modu egokian erantzuteko, beti bezala, familiok eta ikastolak eskutik joan beharko dugu.
Lehen helburua denon osasuna zaintzen jarraitzea izango dugu. Horretarako, aurreko ikasturtean COVID-aren inguruan ikasitakoaz baliatu beharko dugu ikastolak espazio ziurra izaten jarrai dezan.
Berrikus ezazue uztailaren 15ean bidali genizuen informazioa, mesedez. Bertan, SARRERA ETA IRTEERAK, GARRAIOA, JANGELA, HARRERA-GELA, ESKOLAZ KANPOKO EKINTZAK, KIROLA eta etapa bakoitzari dagozkion DOKUMENTUAK topatuko dituzue. Horiekin batera, ikastola barruan zirkulazio-arauak errespetatzearen garrantzia eta honen inguruan udan aurrera eraman ditugun berrikuntzak ere ezagutzeko aukera izango duzue.
Gure balore eta helburu estrategikoei erantzun nahian, egunetik egunera ikastola jasangarriagoa lortzeko lanean gabiltza. Uztaila amaieran etxeetara bidalitako lotura honetan ikus daitekeen moduan, udan zehar ikastolaren sarreran espaloi berri eta berezia egin dugu. Horrek autoz zatozten familiok ikasleak bi aldetan topatuko dituzuen espaloietan seme-alabak modu seguruan uztea ahalbidetuko du.
Lehenengo egunetan irakasle batzuk biribilgunean izango dira ume gazteenak lagundu eta, aurrera begira, modu autonomoan sar daitezen.
Bestetik, ibilgailuen abiadura murrizteko eta bidean bertan topatuko dituzuen seinaleak guztiz errespetatzeko eskatzen zaizue. Guztion segurtasuna eta ikastolako antolaketa orokorra jokoan izanda, ez da onartuko aparkatu ezin daitekeen lekutan autoak uztea.
FAQ - OHIKO GALDERAK
• Nire seme-alaba harrera gelako erabiltzailea bada, nora joan behar du lehen egunean?
Haur Hezkuntzako ikaslea bada, dokumentu honetan finkatutako sarrera gunetik.
Lehen Hezkuntzako ikaslea bada, “ping-pong” mahai ingurura. Arduraduna bertan egongo da. Lehen egun horretan guraso batek ere lagundu ahal izango du.
• Nire seme-alabak bazkarirako tupperra eraman dezake etxetik?
DBH 3-4 eta Batxilergoko ikasleek soilik bazkal dezakete tupperran eramandako janaria.
Ezin izango dute bazkaria ikastolan berotu.
Harmailetan horretarako finkatutako espazioetan egingo dute.
Garbitasuna zaindu beharko da hondakinak jasoz.
Arau hauek errespetatzen ez dituen ikasleak tupperra ekartzeko eskubidea galduko du.
• Noiz hasiko dira eskolaz kanpoko jarduerak?
Eskolaz kanpoko jarduera guztiak irailaren 13an hasiko dira, “Haurrak beti jolasean” izan ezik.
“Haurrak beti jolasean” jarduera urrian hasiko da.
Haur Hezkuntzako eskolaz kanpokoak irailaren 20an hasiko dira.
• Noiz hasiko da Eskola Kirola?
Eskola Kirola urrian hasiko da.
• Zer ordutan sar daitezke ikastolako eremura Haur Hezkuntza edota Lehen Hezkuntzako ikasleak?
Adin horietako ikasleak 08:45etatik aurrera soilik sar daitezke ikastolara.
Ikasleak ezin izango dira lehenago etorri ez badagokie harrera-gelako zerbitzua.
• Arratsaldeetan ikastolako eremuan gera gaitezke?
Gure helburua COVID aurretik genuen familia-giroa berreskuratzea izan arren, oraindik ezin izango dugu une horietaz gozatu. Beraz, ezingo da arratsaldetan ikastolako eremuan geratu.
Behin klaseak amaituta, eskolaz kanpoko jardueretan edota eskola kirolean geratzen diren ikasleak bakarrik izango dute baimena ikastolako eremuan geratzeko.
Familiek eta bestelako ikasleek, behin klaseak amaituta, ikastolatik irten beharko dute.
• COVID dela-eta, zer neurri hartu behar ditugu?
Ikasleek tenperatura etxean hartuta etorri beharko dute ikastolara.
37º baino gehiagoko tenperatura edota Covid-arekin bat datozen sintomak izanez gero, ezin izango da ikastolara etorri lehenbailehen medikuarekin kontaktuan jarriz.
Osasuna eta ikasturte on eta probetxugarria opa dizkizuegu.
Zuzendaritza Taldea