Euskadiko First Lego League Donostian

Prentsaurreko partaideak Enrique Ramos zinegotziarekin

Enrique Ramos zinegotziak Donostian izango den First Lego League txapelketa aurkeztu du prentsaurrekoan antolatzaile, babesle eta parte hartuko duten zenbait ikastetxetako ordezkariekin batera, horien artean Aitor Uriondo, Axularreko zuzendaria.

35 taldetako 350 ikasle lehiatuko dira Miramongo Eureka! zientzia museoan otsailaren 8an 10:00etatik 15:00ak arte izango den txapelketan. Guztiek proiektu zientifiko eta teknikoa garatzeaz gain, hainbat proba gainditu beharko dituen robot bat diseinatu eta programatu beharko dute. Horretarako, ikertzaile, teknikari, arkitekto, ingeniari, zentro teknologiko, erakunde eta euskal unibertsitateen lana gertutik ezagutu dituzte.

Ikastolak talde bat aurkeztuko du 6 eta 9 urteen arteko kategorian, baita bigarren hezkuntzako ikaslez osatutako Overclock Axular talde beteranoa ere. Overclock First Lego League Euskadiko 2009ko lehen edizioaz geroztik parte hartzen ari da. Urte hauetan, Josetxo Sánchez eta Pili Merino irakasleek gidatutako taldeak 19 sari ditu, 7 aldiz sailkatu da Espainiako First Lego League finalerako eta 3 aldiz Open European Championship izeneko Europako finalerako.

Familia, irakasle eta interesatuen artean, Eureka! zientzia museora 600 pertsona inguru hurbiltzea espero da.

Zorte on, neska-mutilok!