Belaunaldien arteko boluntariotza-programa pandemiagatik bi urtez eten ondoren, gaur Batxilergoko 1. mailako boluntarioen talde batek Matia Fundazioaren Bermingham, Rezola eta Iza zentroak bisitatu ditu, fundazioaren lanaz eta ikasturtean zehar 30 ordu baino gehiago dedikatuko dizkieten zereginez informazio-saioa jasotzearren.
Proiektua berrabiaraztearen poza oraindik handiagoa da bere 25. urteurrena ospatzen ari baikara. 25 urte, hain zuzen, daramatzagu belaunaldiak elkartzen eta batzuen esperientzia, besteen bizi-poza eta guztien adiskidetasun eta alaitasuna uztartzen.
Programa 1997an hasi zen Bermingham zentroan ikasle talde txiki batekin. Hasierako arrakastak boluntario gehiago animatuko zituen hurrengo ikasturtean. Horregatik, Rezola eta Iza egoitzetara berehala hedatu zen. Aurten 62 partaide dauzkagu, marka bikaina Batxilergoko 1. mailan 70 ikasle daudela kontuan hartuta. Hori dela-eta, Matiako beste zentro batek boluntario batzuk hartuko ditu, Elizaran zentroak alegia.
62 gazteok, Gero Axular Dantza Taldearekin batera, Gabonetako jaialdi bat antolatuko dute. Bertan, Matia eta Zorroagako nagusiez gain, ikastolako familien aitona-amonek ere parte hartu ahal izango dute. Horren ondoren, danborradarekin kolaboratuko dute. Urtarriletik maiatzera Bermingham, Rezola, Iza edo Elizaran zentroetako egoiliarrak astean behin bisitatuko dituzte eta, azkenik, kurtso-bukaera aldera nagusiei ikastola erakutsiko diete eta elkarrekin meriendatuko dute.
Gure ikasleak urtez urte baloreetan hezteko eskaintzen digun aukera paregabea eskertu nahi diogu Matia Fundazioari, baita bere egoiliar eta langileekin elkarlan aberasgarriko 25 urte hauek ospatu ere.
Zorionak, eskerrik asko eta urte askotarako!
Egizu klik hemen gure boluntariotza-programaz gehiago jakiteko.
Esteka honetan Matia Fundazioaren webgunea ikus dezakezu.