Urtero legez, eskola munduan ematen diren jarrera desegokien aurkako eguna ospatzea tokatzen zaigu gaur. Helburua haur eta gazteen artean eskola-jazarpenak duen arriskuaz kontzientziatzea da baita egoera horretan dauden ikasle zein irakasleei laguntza ematea ere.
Axular Lizeoaren helburuetako bat ikasle guztien garapen pertsonal egokia eta ongizatea da. Hortaz, gure erronka eskola-jazarpen eta bere ondorio kaltegarriei aurrea hartzea da. Hori dela eta, urte osoan zehar KiVa programaren bidez egindako lanketak aurrera eramaten ditugu.
Gaurko egunean KiVa saio bereziak egin ditugu etapa guztietan eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek jazarpena pairatu duen gazte baten testigantza jaso dute.