Urriak 21: bozkatu eta Oinez-era

Urriak 21: BOZKATU ETA OINEZera

OSPATU/GOSALDU/EUSKARA DASTATU

Zuregana jo dugu, Nafarroa Oinezen parte har dezazun animatzeko. Aurtengo 32. edizioa, izan ere, datorren igande honetan bertan, urriaren 21ean, eginen baita Zizur Txikian, Iruñea ondoan, San Fermin Ikastolak antolaturik.
Jakin badakigu nola erantzuten duzuen egoera berezietan, Irunberriko hartan, 2003. urtean, bezala, edota urte hasieran Lodosako Ikastolaren alde erantzun zenuten bezala, marrazki 1 = euro 1 kanpainaren bidez.

URTE ZAILA

Egoera ekonomikoa oso eragin txarra izaten ari da edizio honen garapenean, edozein jarduera sozialetan gertatzen ari den bezala, bai eta gure gainerako jaietan ere.
Nafarroa Oinezek, izan ere, hainbat zailtasun eta ustekabe gainditu behar izan ditu, antolaketari kalte egin diotenak; horrek, azken finean, bestelako zailtasun bat izan ekarri du ehunka boluntariok urte osoan egin duten lan nekosoaren gainera.
Zailtasunetan azkena izan da egun hori aukeratu izana EAEko hauteskundeak egiteko, eta horrek sekulako garrantzia du; eta holako kointzidentziak, egia esan, ez dira inola ere kasualitateak eragindakoak izaten.

JAIA EUSKAL HERRIAREN BIHOTZEAN ETA EUSKAL HERRIRAKO

Guk data guztiak aztertu ditugu eguna aldatzeko, baina teknikoki ezinezkoa izan da, arrazoi asko direla medio: teknikoak, antolaketari buruzkoak, baimenak, etab…
Era berean, ez genien inolako kalterik egin nahi beste herri-jai eta aldarrikapen-jai batzuei, haiek guztiek gure egutegia kontuan hartu eta errespetatu baitute.  
Gure gainerako lurraldeetako jaiak bezala, Nafarroa Oinez ikastolen eta euskararen topalekua izateko pentsatua dago, eta euskaraz bizitzeko, gainera.
Gure herrialdeko kultur jairik handiena da, gainera, baita altxor bat ere, eta, euskararen eta ikastolen eraginaren termometro sozial bat ere bai.

EMAN BOTOA ETA ZATOZ OINEZean OINEZ EGITERA

Gauzak ongi prestatuta eta bizipozez, uste dugu erabat bateragarriak direla botoa ematea eta Nafarroa Oinezera joatea; kontuan hartu behar da, gainera, aurtengoan oso komunikazio-bide onak daudela gainerako herrialdeekin.
Beso zabalik hartuko zaituztegu Euskal Herriko edozein tokitatik etorri nahi duzuen guztiok.
Horrenbestez, ahalegin bat eskatzen dizuegu Nafarroa Oinezi indarrean eta bizirik eusteko.
Nafarroan erne ibili beharra dago beti; bestela, erne ez bagabiltza, beste batzuek ederki aprobetxatuko dituzte berehalakoan geure huts eginak.


Koldo Tellitu EHI ekeko Lehendakaria - Izaskun Arratibel NIEko Lehendakaria - Jabier Barkos San Fermín ikastolako Lehendakaria