Zuzendari-aldaketa

Argazkian Aitor Uriondo eta Jesus Etxaniz

2015-16 ikasturtea itxi dugu. Horrekin batera aldaketa garrantzitsua dator, irailetik aurrera zuzendari berria izango baitugu. Jesus Etxanizek kargua utzi eta Aitor Uriondok lekukoa jasoko du.

Jesus zuzendari 31 urtez izan da. Benetan urte emankorrak Axular Lizeoarentzat. Bere gidaritzapean, besteak beste, ikastola handitu da (batxilergoa, 2 urteko gelak...), kalitate-kudeaketan sakondu (Eusko Jaurlaritzaren Zilarrezko eta Urrezko Q sariak, Hezkuntza Ministeritzaren ohorezko aipamena...) eta hainbat proiektu jorratu dira gure ikastolaren zerizana osatzen dutenak. Jakina, esperientzia hori guztia ezin da galdu. Horregatik, jubilatu aurretik Jesus aholkularitza lanean arituko da zuzendari berriari, Aitor Uriondori, trantsizio-garaian lagunduz.

Aitorrek aurrean daukan erronka, hots, jasotako herentzia mantendu, sakondu eta bide berriak jorratzea, ilusio handiz hartu du. Klaustroa ere bere ilusioarekin bat dator. Ikastolara iritsi zenetik Aitorrek bere lan-, lidergo- eta komunikazio-ahalmena erakutsi du, besteak beste, kirol eta baloreetan oinarritutako proiektutan arituz, hala nola, Saski Axular edo Sargoi. Ziur gaude Axularreko komunitatea osatzen dugun guztion laguntza izango duela.

Zorte on Aitor Uriondori etapa berri honetan eta eskerrik asko Jesus Etxanizi egindako lanagatik!