Interneten garapena izugarria izan da. Denbora epe motzean ezagutza tekniko handiko gutxi batzuentzako tresna izatetik guztion eskura egotera pasa da. Bere erabilpenak oso zabalak dira eta egunetik egunera hazten ari dira.
Zertarako balio diezaieke Internetek gure seme-alabei?
Interneten entziklopedia, hiztegi, itzultzaile, kalkulagailu eta era guztietako hezkuntza-baliabide on line aurki daitezke (ikasleentzako eremu pribatuan lotura interesgarri batzuk daude). Hala ere, ez ahaztu ez dutela beren lanetan edukirik kopiatu behar iturria aipatu gabe. Eskolako lanak egitea, apunteak eta ariketak jaistea eta on line testen bidez bere burua autoebaluatzea Axularreko web orrian Ikastolako Bigarren Hezkuntzako ikasleek egin ditzaketen gauza batzuk dira. Dohaineko jolas asko daude Interneten. Dirua aurrez dezakegu. Zaletasun edo interes berekoekin komunika daitezke, chat edo posta-zerrenden bidez. Etxetik mugitu gabe beste leku eta kulturetako pertsonekin harremanetan jarri eta hizkuntzak praktika ditzakete. Foroen bidez zalantzak argi daitezke. Azken uneko albisteak ezagut ditzakete. Herabeak diren haurrek Interneten adierazpen mota bat aurki dezakete, beti ere bakarra ez bada. Elbarrituek ere Sarean ibiltzeko tresna batzuez balia daitezke nabigatzeko momentuan.
Zeintzuk dira Interneten arriskuak?
Interneten arriskuak ez dira hain handiak, edo bederen ez dira uste bezain maiz gertatzen. Hala ere, hurrengo alde hauek ezagutu eta aurreikustea komenigarria litzateke:
- Gurasoek Interneten ibiltzen jakin beharko lukete. Beharrezkoa balitz, gure seme-alabekin ikas dezagun. Ezezaguna zaiguna ezin dugu kontrolatu.
- Alde positiboak azpimarratu. Arau argiak ezarri behar ditugu, gutxi baina zehatzak. Ez ditugu nerabeak gehiegizko mehatxuekin aztoratu behar.
- Haur eta gazteek etxeko lanei eta aisialdiari denbora dedikatu behar diete. Internetek ez du ez bata ez bestea ere ordezkatu behar. Lagunekin harremanak izatea, jolastea eta ikastea ezinbestekoak dira.
- Kontuz birusekin. Internetetik jaisten dugun orok, emailak barne, birusak eduki ditzakete. Antibirus eguneratua izatea komenigarria da. “Galdera ohikoenak” atalean zure ordenadorea kutsatuta dagoen ikus dezakezu.
- tuz “dialer” izenekoekin. Telefono konexioa aldatzen duten programa batzuk dira. Gu konturatu gabe gure zerbitzu probeedorearena ez den beste telefono batekin konektatzen gaituzte. Zer esanik ez, fakturan nabarituko dugu. Hemen klikatuz dohako programa bat lortuko duzu dialer bat zure ordenadorean instalatzen saiatzen bada abisatuko dizuna eta konexioa moztuko duena.
- Zure seme-alabek ez dute inolaz ere chat batean benetako izena erabili behar. Horren ordez, beren “nicka” (ezizena) erabiliko dute. Ez dute informazio pertsonala emango ezta beren pasahitz pertsonalik ere. Interneten solaskide guztiak ez dira esaten duten bezalakoak.
- Ez iezaiozu utz Sarean ezagutu duen norbaitekin geratzen. Horretarako zure baimena izan beharko luke eta lagundu beharko zenuke. Bere lagunak ezagutzen dituzun era berean “ciberlagunak” ere ezagutu behar dituzu.
Nola kontrola ditzaket arriskuak?
Antibirus eta antidialerrez gain, haurrek zer ikus dezaketen eta ordutegiak ere murrizten duten programak badaude. OPTENET enpresa gipuzkoarraren web orrian iragazteko programa oso ona aurkituko duzu. Interneteko zerbitzu emale batzuek edukin murrizketak eta haurrentzako e-mail kontu bereziak eskaintzen dituzte. Hala ere, lasai egoteko modu bakarra haurraren nabigazioa gainbegiratzea da, jaisten dituen jolasak kontrolatzea (biolentoak, sexistak edo arrazistak izan ez daitezen) eta noizean behin Interneten elkarrekin aritzea. Ideia ona izan liteke ordenadorea egongelan edo zuek ikus dezakezuen leku batean egotea eta ez seme-alabaren gelan. Gaiari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, AUI (Asociación de Usuarios de Internet) elkartearen web orriak badu gurasoentzako laguntza atal bat. Bertan Interneteko erabilpen seguruaz eta iragazteko programez informazio zabala aurkitu ahal izango duzu.
Internet ikasteko, jolasteko eta komunikatzeko tresna oso ona da. Ikas dezagun berarekin gozatzen eta arriskuak txikitzen. Edozein zalantza baduzu eztabaida taldeetan eta gure posta elektronikoan argitzen saiatuko gara.