Nabarmena bai baina oso txarra ez den patologia horren kausa eta sendabideak ez dira ezagun Larruazalaren gaitz kronikoa da psoriasia, ukalondo, belaun, buru-azal eta bizkarraren behealdean batez ere agertzen diren zilar koloreko ezkata distiratsuez estalitako hanpadura gorriak bereizgarri dituena. Gorabeheraka eboluzionatzen duelarik, garai batzuetan susperraldia gertatzen da eta bestetan erdi itzalita omen datza gaitza. Ez da gaixotasun infekziosoa, ezta kutsagarria ere; oso txarra ere ez da eta, eskuarki, ez du ondorio larririk ekartzen, kasu latzenek inpaktu sozial nabarmena izan dezaketen arren. Behin betirako sendatzerik ez badu ere, neurri egokiak hartuz gero kontrolatu egin daiteke. Ez da gaitz bakana —ehun laguneko zortziren batek dute psoriasia— eta, nahiz zeinahi adinetan ager daitekeen, 15 eta 35 urteen artean agertzea da normalena. Susperraldiak bat-batean eta pixkanaka gertatzen dira. Batzuetan sekulako azalera hartzen du eta azkazal, genital eta gorputzeko beste hainbat ataletan eragina izaten duenez, horrek berebiziko eragina izan dezake pazientearen nortasunean.
Hiru kasutik batean, herentziaz hartua
Sistema inmunologikoan desordenaa eragiten duen gaitz honen agerpenaren kausa ezezaguna den arren badakigu hiru kasutik batean bederen herentziazko trastornoa dela. Normalean, larruazaleko zelulak 28 egunez behin berriztatzen badira ere, psoriasia nozitzen duen pazientearengan jarduera hori azkartu egiten delarik, zelulak hiruzpalau egunez berriztatzen dira. Odoleko zelula zuriak oso espezializatuak dira: bakterioak eta birusak ez ezik, organismo arrotzak ere identifikatu eta suntsitzen dituzte. Bi motako zelula zuriak dira: T motakoak eta B motakoak. T zelulek material arrotzik identifikatzen dutenean eraso egiten diote, B zelulek substantzia kimiko bereziak (antigorputzak) jariatzen dituzten bitartean; antigorputz horiek, organismoei atxikita, suntsitu egiten dituzte. Psoriasian sistema inmunologikoko T zelulek jarduera azkartua dute: zelula hauek larruazalekoei eraso egiteak, batetik, hanpadura ondorioztatzen du eta, bestetik, suntsituriko zelulak berrezartzeko gehiegi ugaltzea. Horregatik agertzen da larruazala handitua, loditua, hildako zelulak etengabe aldatzen eta hainbat eratako eta intentsitate-gradutako plaka psoriasikoak osatzen.
Mota nagusiak
Denetan ohikoena psoriasi diskoide edo plakakako psoriasia da eta enborrean, ukalondoetan, belaunean, buruko azalean edota genitaletan nozitzen da baina azkazaletan ere ager daiteke eta horiek loditurik, deformatuak agertzen dira horrelakoetan. Tantakako psoriasia haurrek nozitzen dute gehienbat, larrua tanta modukoetan gorritu eta hanpaturik erakutsiz. Oilaurkako psoriasia, berriz, bakanagoa da: gaitz honetan oilaurka edo zornez beteriko pustula txikiak agertzen dira esku ahurretan, oinzoletan edo gorputz osoko larruazalean. Psoriasiak, zenbaitetan, larruazalaren %70 ere hartzen duelarik, gaixotasun honen plegurik larriena den horri eritrodermia psoriasikoa deritzo eta, gorputzeko tenperaturaren eta likidoen erregulazioan trastornoak eragin ditzakeenez, batzuetan pazientea ospitaleratu egin behar izaten da. Nolanahi ere, lesioak oro har ez dira biziki higuingarriak: azkura da sintoma ohikoena. Psoriasia, inoiz, ez da larruazalera bakarrik mugatzen: esku eta oinetako juntura txikien hanpadurak agertzen ditu: horrelako gaitzari artritis psoriasikoa esaten zaio.
Faktore sortzaileak
Psoriasia suspertze eta moteltze episodioetan eboluzionatzen bada ere, oso litekeena da gorabehera batzuek faktore sortzaile edo astungarri gisa jardutea, hara: Estresa, muturreko situazio emozionalak Alkohol gehiegi kontsumitzea Eguzki argi gehiegi edo gutxiegi Hazka egitea, zauriak, traumatismoak Bakterio eta birusen bidezko infekzioak.
Diagnostikoa eta tratamendua
Gaitzaren diagnostikoa ez da zaila izaten, begi-ikuskapen soilak atzematen baititu plakak; bestetan, aldiz, konplexuagoa da arazoa eta biopsia egitera jo behar izaten da. Tratamendua, berriz, egungo medikuntzak dituen erronka nagusietako bat da. Psoriasiaren sintomak kontrolatzera, zoldura sekundarioak prebenitzera eta, garrantzizkoena, gaixotasun horren funtsa den desordena inmunologikoa kontrolatzera zuzendutako metodo eraginkorrik aplikatzea ez da lortu oraino. Badira hartu beharreko neurri orokorrak, hala nola dieta orekatua, atseden egokia, ariketa erregularra eta alkitrana edo azido salizilikoa daukaten xaboi eta xanpuak erabiltzea, horiek susperraldiak kontrolatzen lagun dezaketelako. Berriro gaixotze eta larritzeei saihets egiteko komeni izaten da estresa kontrolatzea —meditazioak eta yogak emaitza onak agertu dituzte—, eguzkitara gehiegi ez egotea, labur bainatzea, igeriketa mugatzea, hazka ez egitea, arroparen igurtzitik babestea, alkohol gehiegi ez hartzea. Psoriasi plakaren lesio dermikoen tratamendua larruazaleko gainaldeko zelulak samurtzen dituzten substantzia keratolitikoen erabileran oinarritzen da: azido salizilikoa, alkitrana, antralina, D bitaminaren analogoak (kalziprotienoa, kalziprotiola, kalzitriola, takalzitola eta antzekoak), etc., horiek zelulak bigundu eta hezetu egiten dituztelako. A bitaminarekin zerikusia duten erretinoide izeneko botikak ere aplikatzen dira, bide topikotik (jelea, krema) edo ahotik. Hanpadurari aurre egiteko kortikoideak krema moduan baliatzen dira. Eskuarki, produktu horiek guztiak nahasirik dauzkaten lozioak erabiltzen dira. Psoriasiari loturiko mito nagusietako bat eguzki argiari ihes egin behar zaiola dioena da. Gezurra, erabat. Eguzki argia mesedegarria ere gerta daiteke baina, hori bai, tamainan. Horregatik aplikatzen da fototerapia kontrolatua deritzon tratamendu eraginkorra. Desordena inmunologikoaren tratamendua konplexuagoa da. Egun, erantzun inmunologikoa suntsitzen duten eta, beraz, hainbat minbiziren tratamenduan eta transplanteen arbuiatzearen kontra aplikatzen diren sendagaiak —metotrexatea, ziklosporina edota trakolimus izenekoa, adibidez—— eskura dauzkagu: horien eraginkortasuna psoriasiaren tratamenduan egiaztatu nahi izan da baina botika horien eragin toxikoek sendagileak kontrol zorrotza egitea agintzen dute. Badira oraino ikertzen eta esperimentatzen ari diren sendagaiak ere, sistema inmunologikoan dautzan proteina eraldatuen egintza galaraziz dihardutenak: horiexek omen dira etorkizuneko tratamenduaren protagonistak. Hau ez da, ordea, psoriasiaren kontra borrokatzeko dagoen armategi osoa: hamaikatxo terapiatan hein bateko edo besteko tratamendu “naturalak” tartekatzen dira. Zergatiak eta sendatzeko modua oraino ezezagunak dituzten gaixotasun guzti-guztietan bezala, hemen ere mirarizko tratamenduak agertzen dira inoiz: sendatzeko promesekin, dena den, begia erne ibili behar da beti.
Iturria: Consumer aldizkaria