Umeen kolikoak. Negar higuingarri baina ez kaltegarria.

Argazkiak - Umeen kolikoak

Ez da ezagutzen oraino bularreko haurren %15 - %20 nozitzen duten episodio horren kausa zehatz-mehatz zein den. Hilabete gutxiko bularreko haurra defentsarik gabeko izakia izateaz gainera arazo larria du: ezin adieraz dezake mina duen edo mina non duen, adibidez. Horrelakoetan daukan adierazpide bakarra negarra da. Haurrak, ordea, negar egiten duen denetan ez da mina nozitzen duelako, baliteke umea orduak eta orduak negar batean ematea agiriko arrazoirik izateke: horixe da gurasoak kezkatzen dituena, amorrarazten dituena egoerak eguna joan eguna etorri eta horretan badirau. Haur txikiaren negar jarraituak sortarazten duen inpotentzia eta antsietatearen ondorioz, maiz haurrei noziarazten zaizkie arrazoirik gabeko tratamenduak.

Zer dira bularreko haurraren kolikoak?

Oso litekeena da bularreko umeak orduak eta, areago, egunak negarretan ematea. Haurren negar-episodio horiei (zorionez edo tamalez) bularreko haurraren koliko deritzote eta bizitzako aurreneko hiruzpalau hilabeteetan, haurren %15 - %20ren baitan dute eragina. Geroztik, haur-kolikoa egunean hiru ordutik gora luzatzen diren, astean gutxienez hirutan gertatzen diren eta hiru astetan bederen agertu diren negar eta sumingarritasuneko episodio paroxistiko gisa definitzeko irizpideak finkatu dira.

Adituek termino horretatik min, negar eta sumingarritasunaren zergatia azal lezakeen gaixotasunik nozitzen duten bularreko haurrean agertzen diren episodioak baztertu dituzte. Esparru horretan, horrenbestez, bularreko haur osasuntsuak bakarrik sartzen dira. Baliteke nerbio sistemako patologiaren bat, hainbat arrazoiren ondoriozko belarrietako mina, zoldurak, idorreria, esne-proteinen aurreko intolerantzia, errefluxu gastro-esofagikoa, laktosaren intolerantzia, ondesteko fisura, urratuak edo antzekoak nozitzen dituzten bularretako haurrek negar episodioak agertzea, baina negarra zuritu eta sostengatzen duten motibodun kasuak guztien %5 baizik ez dira. Gainerako %95etan negar luzeen arrazoia ezerk ez esplikatzeak bihurtzen ditu kasu horiek benetako haur koliko. Umea jaiotzetik bi astera hasten dira eta, eskuarki, laugarren hilabetean ezabatzen dira, berez.

Horrelako kolikoak nozitzen dituzten umeen garapena eta gainerakoena berdintsua da, ez da alderik hauteman oraino. Hastapenean, episodio horien jatorria tarte gastrointestinalean zetzala uste izan zen, episodioan umeak sabela lasaitu eta hankak sabel gainetik altxatzen dituelako eta, gainera, batzuetan gorotzak eta gasak kanporatzen dituelako. Espasmoak, atxikitako aireak, heste-distentsioa… hamaika iradokizun jaurti ziren baina horrelako edo bestelako ezaugarriak dituen alteraziorik ezin izan zen berretsi.


Sintomak

Haur kolikoaren sintomak nabarmenak dira; eta bi multzotan sailkatuko ditugu: Nagusiak: Ilunabarrean, bizpahiru orduz luzatzen den negar paroxistikoa; Umea artega, urduri dago, sumingarri, aztoratua, aurpegia gorri samara dauka; Hankak sabel gainetik tolestuak dauzka.Bigarren mailako sintomak: Meteorismoa, sabeleko gasak, idorreria, umea goseak dagoela dirudi baina janak ez du lasaitzen.

Diagnostikoa

Era guztietako ikerlanak egin dira: azterketa gastrointestinaletatik hasi eta jokabidearen azterlanetaraino, baina inolako alteraziorik ezin izan da behin ere atzeman. Aditu batzuen iritziz, baliteke jatorria uzki-esfinterraren hipertonia, pelbiseko pisuaren —pujoaren— erlaxapenaren, kaka egiteko ahaleginen eta uzki-esfinterraren erlaxapenaren arteko koordinaziorik ez izatearen ondorioz. Normal obratzeko abileziarik ezean, hesteetako uzkurtze-uhinek muturreko esfinterra itxita aurkitzen dute: hori izan liteke minaren zergatia, baina frogaturik oraingoz ez dago deus ere. Egun, beraz, baztertze-diagnostikoa egiten da: negarrez datorren bularreko haur osasuntsua ikusirik, eta pediatrak inolako alteraziorik atzematen ez badu, paziente horrek haur-kolikoa nozitzen duela diagnostikatzen da.


Tratamendu egokiena, lasaitasuna

Diagnostikoa finkatuta, guraso guztiek egiten duten galdera: “Nola tratatu behar ote dugu kolikoa?”

Gogoan hartu beharreko lehen kontua: haurtxoaren kolikoa gaixotasunik ez dela, umea osasuntsu dagoela eta koadro hori berez eta bat-batean konpontzen dela. Episodioa gertatzen denean urduri ez jartzen ahalegindu beharra dago, batik bat. Tratamendu bat baino gehiago dagoela ulertu behar da, une horretan garrantzitsuena dela egoera nola “gobernatu” behar den asmatzea. Horretarako, egokiena pazientzia eta lasaitasuna da, arazoari konponbidea emateko neurri eraginkorrik ez baitago. Argitaratu diren azterketen ikerlan analitikoek frogatu dutenez, baliaturiko terapia enpiriko guztietatik —botika batzuk aplikatzea, dieta aldatzea, masajea ematea, etc.—, bakar batek ere ez du arazoa erabat konpondu.

Botika antiespasmodikoen erabiltzeak —ohiz egiten dena— alferrikakoa izateaz gainera, arriskutsua ere izan daiteke, hesteen mugikortasuna eraldatzen duenez, hesteak (ileoa) geldiaraztera ere irits daiteke. Diziklomina ere baliatu izan da, eta erantzuna onargarria izan da zenbaitetan, baina kontrako erreakzio larriak gertatu ahal izateak botika hori herrialde askotan farmazietatik kentzea ondorioztatu du.

Dieta aldatzea, elikagai hipoalergenikoak kontsumitzea edo masajeak ematea ere ez da eraginkorra jazo. Onar dezagun, hortaz, bularreko haurtxo osasuntsu eta normal guztiek negar egiten dutela, are eta gehiago lehen hiru hilabeteetan; negar episodioak aldatu egiten direla, ume batetik bestera, eta episodio horiek berez ezabatzen direla, lauzpabost hilabete igarotakoan..


Negar-espasmoak

Honelakoak haurrak bi urte dituenetik aurrera agertzen dira eta, kasuren batean, bost urteak bete arte irauten dute. Episodio horien ezaugarri nagusia nabaria da: umeak kasketa harrapatzen duenean, arnasketa gelditu egiten da. Umeen %5ek izan dute inoiz horrelako episodiorik, aurrean diren guraso eta gainerakoak ederki izututa. Espasmoak bi motatakoak dira: batzuetan, arnasketa bere onera etorri bitartean, umearen aurpegia ubeldu edo urdindu egiten da; orduan negar bizian hasten da umea; bestelakoetan, haurra zuri-zuri geratzen da, konortea galdu ere egiten du eta, aurrekoetan bezala, normaltasunera etorrita, negarrari ematen zaio, bizi-bizi eman ere.

Batean zein bestean, arnasketa une txiki batez baizik ez da gelditzen, ez da gertatzen garuna kalte lezakeen oxigeno gabeziarik eta ez du inongo zerikusirik epilepsiarekin edo bestelako trastornoekin. Ikusgarriak diren arren, episodioak onberak dira. Horien zergatia ere ez dakigu zein den; badirudi transmisio genetikoa dagoela, kasu gehienetan beste senideren batek ere horrelakoxeak nozitu izan dituela argitzen baita. Tratamendurik ez dago hemen ere eta, noski, egin daitekeen gauza bakarra, lasai egotea da.

Iturria: Consumer aldizkaria