Nire lagun bakardadearentzat postalak

Nire lagun bakardadearentzat postalak

Gurekin 1997. urteaz geroztik belaunaldien arteko boluntariotza-programa garatzen ari den Matia Fundazioko MatiaZaleakboluntariotza sareak gonbidapena luzatzen digu “Nire lagun bakardadearentzat postalak” beren ekimenean parte hartzeko.

Nori ez zaio irribarre bat sortu aurpegian postontzia ireki eta egun horretan iragarkiak eta karguak jasotzeaz gain beste zerbait ere jaso duzunean? Postal bat, gogorarazten diguna garrantzitsuak garela beste pertsona batentzat, norbait gurekin oroitu dela. Bada postalik jasotzen ez duena. Bada nori bidali ez dakiena. Bada bildaltzen zituena, baina urteen poderioz, ohitura galdu duena. Bada gustuko duena jasotzea, baina nagikeriagatik ez duena idazten bueltan berea...

Posta elektroniko, whatsapp, azkartasunaren, iragankor, berehalakotasun garai honetan, MatiaZaleak-etik berezi iruditzen zaigun komunikabide baten alde egin nahi dugu kasu honetan, erromantiko eta berezi diren postalen alde. Era bakun batean adierazten du: "ez nago hor, baina zurekin oroitu naiz". Hitz hauek bakardadea dugun momentuetan lagundu ahal gaituzte.

Bakardadeaz zuen hausnarketak eta pentsamenduak azaltzera gonbidatzen zaituztegu. Horretarako, idazkaritzan doako postalak eta postontzia izango dituzue Gabonetako oporrak arte. Bakardadearen inguruan sentitzen dugunaren hausnarketa izan daiteke, bakarrik sentitzen den norbaitentzako mezua, elkarbanatu nahiko genukeen mezua, bakardadearekin bizitzeko aholkua... Postaleko argazkian inspira gaitezke, edo aurkitzen garen momentuan, edo gai honekiko gizarteari opa dioguna. Postala aukera ona ere izan daiteke gaiaz seme-alabekin edo umeak aitona-amonekin mintzatzeko.

Anima zaitez, oso erraza da-eta!