Ospa dezagun elkarrekin Ikastolaren Egunaren 25. urteurrena!

Ospa dezagun elkarrekin Ikastolaren Egunaren 25. urteurrena!

Datorren ekainaren 6an, gure hezkuntza komunitatearentzat oso berezia den egun bat ospatuko dugu: Ikastolaren Eguna.

Aurten, gainera, ospakizuna berezia izango da… gure egun handiak 25 urte betetzen baititu! Eta urteurren berezi hau ikasle, familia, irakasle eta ikastolako lagun guztiekin partekatu nahi dugu.

Urtero bezala, eguna jardueraz beteta egongo da, eta eskolaz kanpoko ekitaldien erakustaldia eta bazkari herrikoia izango dira ospakizunaren indarguneak.

Batxilergoko 1. mailako ikasleen eta langile eta familia boluntarioen laguntza ezinbestekoa izango da eguna aurrera ateratzeko.

AURTEN, ZER?

  • Beti bezala eskolaz kanpoko jardueren erakustaldia izango dugu (musika, dantza, judoa, xakea...)
  • Mahai tenisaren erakustaldiaz gozatuko dugu, eta gure ikasleek ere parte hartu ahal izango dute.
  • Bazkari herrikoia Ausolanen eskutik izango dugu eta egunean zehar Batxi 1.mailako ikasleek taberna antolatuko dute. Edariak, pintxoak, Kroketxeako kroketak, eta aurten ere, goizetik kafea zerbitzatuko dute. Gogoan izan Ikastolaren Eguneko tabernaren etekinak ikasle hauen ikasketa-bidaiarako dela.
  • Bazkalostean, @zumbonak izango ditugu frontoiko giroa alaitzeko.
  • Arratsaldean hainbat jolas eta txoko antolatuko ditugu nagusien eta txikien gozamenerako: fotomatoia, aurpegi margoketa, eskulan-tailerrak, mahai jokoen tailerra, ur-zezena...
  • Ikastolaren Eguneko 25. urteurrenaren logoa sortuko dugu Marrazketa tailerrean. Buruak astindu eta irudimena martxan jar ezazue!
  • Festari amaiera emateko, ohiko apar festa egingo da eta frontoian kontzertu bat izango dugu, Axular Lab eta lagunen eskutik.

ZER BEHAR DUGU?

Gurasoen laguntza behar dugu, bezperako muntaketan laguntzeko eta egunean bertan, batez ere arratsaldean.
Lagundu nahi duen orok galdetegi hau bete beharko du maiatzaren 27a baino lehen, laguntza zertan eman dezakeen adieraziz. Boluntario kopuruaren arabera, proposamenak aurrera aterako dira ala ez.

BAZKARI HERRIKOIA

Bazkariko txartelak idazkaritzan salgai egongo dira maiatzaren 27ra arte. Ordainketa eskudirutan egingo da zein taldetan bazkaldu nahi duzuen esanez (gelako taldea, kuadrilla...). Bazkari-egunean txartela aurkeztea ezinbestekoa da.

HELDUEN MENUA:
• Entsalada berezia 
• Sahieski errea patatekin
• Txokolatezko browniea banila izozkiarekin
• Ogia
• Garagardoa (alkoholik gabekoa), freskagarriak, ura
• Kafe, esnea eta infusioak
Prezioa: 25€

HAURREN MENUA:
• Makarroiak tomate eta gaztarekin
• Txahal hanburgesak saltsan patatekin
• Txokolatezko pasteltxoa
• Ogia
• Freskagarriak, ura
Prezioa: 16€


OHARRAK:
- Ez da alkoholik zerbitzatuko (Apirilaren 7ko 1/2016 Legea).
- Egun horretan elkartuko garen bazkaltiar kopurua dela eta, alergiko eta intoleranteek behar duten segurtasuna bermatzea ezinezkoa izango da. Beraz, ez ditugu menu bereziak zerbitzatuko. Pertsona hauek etxetik bere bazkaria ekartzeko aukera izango dute (txartekak erosterakoan komunikatu beharko diguzue mahaian lekua gorde ahal izateko).


Gure egun handi honetan parte hartzera animatzen zaituztegu! 25 urte hauek elkarrekin ospatuko ditugu!

Aupa Axular Lizeoa!