Pentsamendu-trebetasunen lanketa konfiantzaren pedagogian

Argazkian Amaia eta Mari Jose liburu berriarekin

Axular Lizeoko irakasleak diren Amaia Urruzmendi eta Mari Jose Alonsoren gidaritzapean eta beste sei ikastolekin elkarlanean, Lehen Hezkuntza etaparako "Pentsamendu-trebetasunen lanketa Konfiantzaren Pedagogian" deituriko liburua argitaratu dugu.

Lan horretan Thinking Based Learning edo Pentsamenduan Oinarritutako Ikaskuntzak Konfiantzaren Pedagogiaren (KP) baitan izan dezakeen lekua eta egitekoa azaltzen saiatu gara. Horrekin batera, egunerokoan curriculumarenarekin batera lan daitezkeen pentsamendu-trebetasunak ezagutzera ematen saiatu gara praktikan jarri diren adibideen bitartez.

Lan horrek aztergai duen eremuaren aurrean geratu eta sakontzeko beharra nondik datorren (gaiaren justifikazioa) eta, ondorioz, lanaren helburuak zeintzuk diren azaltzen saiatu gara lehen kapituluan. Bigarrenean, aztertzen ari garen gaiaren oinarrian dagoen marko teorikoa biltzeko ahalegina egin dugu. Hirugarren kapituluan, berriz, marko teoriko horren argitan trebetasunak praktikan jartzeko jarraibideak eman ditugu. Jarraibide horiek Anoeta, Arizmendi, Axular, Laskorain, Orio, San Fermin eta Txantxiku ikastoletako saioetan oinarrituta daude.

Amaia eta Mari Jose zoriondu nahi ditugu egindako lanagatik gure eta beste ikastoletako profesionalentzat benetan lagungarria izango den materiala sortzeagatik. Horrekin batera, eskerrak eman nahi dizkiegu Iceberg Visual Thinking eta IPAR Arte grafikoko lagunei argitalpena aurrera ateratzeko emandako laguntzagatik.

Zuzendaritza