Familia-harrera boluntarioa

Familia-harrera boluntarioa

Harrera egin nahi duten pertsonak eta familiak behar dira. Gure inguruan haur eta nerabe batzuk ez dira haurtzaro edo nerabezaro normalez gozatzen ari. Uste baino gehiago dira. Eta behar baino gehiago sufritu dute: aldaketa bortitzak, bakardadea, beldurra, ziurgabetasun handia. Hainbat arrazoirengatik beren familiekin bizi ezin diren haurrak eta nerabeak dira.

Haietako zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespeko harrera-zentroetan bizi da, eta, egunero arreta jartzen duten profesionalek behar bezala zaintzen dituzten arren, ezinezkoa da etxe baten berotasuna errepikatzea. Izan ere, 3, 8 edo 13 urte dituzunean, etxe batean bizi beharko zenuke, familia batekin, beste edozein haur bezalakoa izan.

Familietatik urrun bizi diren haur eta nerabeek gabezia asko dituzte, baina, guztien gainetik, maitasuna eta onarpena behar dute, IKUSEZINAK EZ IZATEA. Eta ez du balio hainbeste gau lagun izan dituzten pelutxe edo panpina zahar horiek besarkatzeak, haragia eta hezurra behar baitute. ZU, ZUEK behar zaituzte.

Informazio gehiago nahi baduzu, begira ezazu Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean