Axularreko CANSAT taldea Espainiako txapelduna

Argazkian ikastolako CANSAT taldea

CanSat txapelketa Europarako Espazio Agentziak (ESA) antolatzen du kide diren estatu guztietan. 14 eta 18 urte arteko ikasleei zuzendutako txapelketa hauek 90. hamarkadaz geroztik ospatzen dira munduan zehar, Espainiar estatuan bigarrenez ospatu da txapelketa Zaragozan. Txapelketa hauen helburua, ESAk antolatzen duen Europako finalerako lekua lortzea da. Horretarako, freskagarri lata baten tamaina eta pisua duen satelite bat diseinatu eta eraiki behar da. Suziri baten bitartez antolatzaileek ikasleen satelite hauek 1000 metroko altueran askatzen dituzte eta handik era kontrolatu batean jauzten diren bitartean magnitude fisiko-kimikoak neurtu eta lurreko estaziora bidali behar ditu, lur hartzean puskatu gabe.

Bigarren edizio hau irabazi duten Axular Lizeoko zientzialari gazte talde hau, DBH 2. mailako bi ikasle, Ane Eguren eta Mara Ibarburu, DBH 4. mailako ikasle bat, Aitor Alberdi, eta Batxiler 1eko bi ikaslek, Miguel Segurola eta June Irurzun-ek osatzen dute eta Ikastolako presidente den Mikel Eguren-ek zuzendu eta entrenatzen ditu. Maiatzaren 4. etik 6.era Zaragozan ospatu den ekitaldi honetan CanSat Axular taldeak, lehiaketan eskatzen diren parametroak beteaz, satelite bat garatu eta eraikitzeko duen gaitasuna erakutsi du.

Sateliteak, hegaldi osoan zehar, bi misio bete behar izan ditu. Presio atmosferikoa eta tenperatura segundoan behin lurrera bidali eta aukerazko bigarren misioa. Axular Lizeoaren bigarren misioa lur hartutako lekuan lurraren gogortasuna neurtzea izan da. Horretarako, lurretik 50metrora iristean, sateliteak pilota bat askatzen du, pilotaren barruan jarri duten azelerometro batek lurra jo eta pilota gelditu arte igarotzen den denbora neurtzen du eta aurretik, entsegu asko eginaz, sortu duten eskala batekin alderatuaz lurraren gogortasuna maila klasifikatzen dute.

CanSat Axular taldea, beste 10 talderen artean irabazle aukeratu dute, era horretan azken bi urtetan egindako lanaren saria jaso dutelarik, baina batez ere, Donostiako Ikastola hau, zientzia teknologia eta espaziorako ikerketak lantzen dituzten ikastetxe aitzindarien artean kokatu da. Aurretik ere Axular Lizeoa Ikastolak, zientzia eta teknologiarekiko konpromisoa erakutsi du. Aktibitate honen bultzatzaile den Mikel Eguren-ek Euskal Herriko lehengo CanSat txapelketa antolatu zuen, pasa den apirileko 21.ean Arabako Berrozi herrian. Iruñeko Iturrama institutuak eta Tolosako Laskorain Ikastolak, Axular Lizeoa Ikastolarekin batera, estatuko txapelketa honetarako sailkatu zirelarik.

Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez garatu ahal izan da eta Ertzaintzak suziriak jaurti eta txapelketa ospatzeko leku egokia eskura jarri dituelako gauzatu da.