Begirunea, arreta, maitasuna eta eguneroko bizitzako integrazioa Nola jokatu ez dakigula gaude.
Gurasorik gabe geratu arte ez ginela pertsona heldu bihurtzen esaten ziguten garai batean, haien erreferentzia galdu eta munduan espazio independentea aurkitu behar genuela.Baina, zer gertatzen da, sarritan, berrogei urtetik gora ditugunean gure seme-alabak aitona-amonek zaintzen badituzte?
Adineko pertsonak arazo izaten dira askotan familiarentzat, gauzarik oinarrizkoenetan ere: nola deitu ere dugu jakiten. Hirugarren adina, pertsona nagusiak, zaharrak, aitona-amonak, edadetuak… Esamolde bakoitzak bere konnotazioak ditu eta bata ala bestea aukeratzea ez da garrantzirik gabeko kontua. Azken batean, konnotazioen auziak argi uzten du gizartean edo eguneroko bizitzan bazterturik dauden taldeen aurrean izaten dugun zalantza. Non kokatzen gara? Nola baloratzen ditugu? Nola tratatzen ditugu? Zer egin dezakegu beren burua bazter ez dezaten, gizartean parte har dezaten? Ñabardura garrantzitsu bat: zahartzaroaren fenomenoaren aurreko nahasmen hori familiek eta belaunaldirik gazteenek izaten dute, baina baita adinean gora doazen pertsonek eurek ere. Bistan da ekonomikoki eta sozialki aurreraturik dauden gizarteak zahartzaroaz ematen duen irudia ez dela batere erakargarri eta desiragarria. Neurri batean, ulergarria ere bada, lekua, protagonismoa, indar fisikoa, intelektuala, sexuala, ekonomikoa, lanekoa etab. galtzen doazela ikusten baita. Egoera korapilatsua dela onartu behar dugu, objektiboki alderdi negatiboak dituena eta desiragarri nekez gertatuko dena. Are gehiago, desioa bizitza ekonomikoaren eta arlo pertsonaleko erabakien ardatz bihurtu den mundu honetan. Gizarteak baztertu egiten ditu adineko pertsonak eta eurek ere prest dirudite askotan azken zokoan bazterturik geratzeko. Bi dimentsio osagarri horietatik aztertu behar dugu egoera: zer egin dezakegu zaharren kolektiboaren alde eta zer egin dezakete zaharrek beren buruaren alde? Hasteko, demografiako aditu, ekonomilari eta psikologoen iritziz modu kezkagarrian zahartzen ari den gizarte honek oraindik egiteko daukan gauza garrantzitsuena: zahartzaroaren irudia aldatu; ezinbesteko pausoa bizitzako garai horretan sartzen diren pertsonek eta gizarte osoak ere zaharren aurrean dituen jokaerak alda ditzaten.
Betiko gaztetasunaren mitoa, irteerarik gabeko tranpa
Baina, berez, zer da zaharra izatea? Definizio gehienek alderdi txarrak, negatiboak azpimarratzen dituzte: ahuldadea, gaixotasunerako joera, gero eta bazterketa handiagoa, heriotzaren hurbiltasuna. Zahartzea gertaera ukaezina da, baina norbere burua agorturik, indar gutxirekin eta gizarte osoari eragiten dioten gaietatik kanpo sentitzea aukera pertsonala da erabat. Pertsona bakoitzak apurka-apurka erabakitzen du bere bizitza-erritmoa moteltzea, batzuetan asperdura hutsez, sinetsita beste batzuetan; ez duela kirolik egingo, informatika ikasiko, ez duela bidaiarik egingo, ez duela sexu harremanik izango… Bestela esanda, norberak erabakitzen du, erabaki pertsonal eta besterenezin gisa, noiz den "zaharregia hainbat gauzatarako". Ez da gauza bera bere ibilaldiak egiten eta igerilekura joaten jarraitzen duen erretiratua, egunerokotasuna egunkariak irakurriz jarraitzen duena, lagun eta familiartekoekin harremanak dituena, zinera edo antzerkira joaten dena, xakean jokatu, idazketa ikastaro batean parte hartu, eta GKE edo alderdi politiko bateko kide dena edo ekintza aipagarrien gisa lo egin, telebista ikusi, jokoan egin eta beste erretiratuekin gaixotasunez kexatzea dituen adinekoa.
Adinekoak integratzea
1999ko urrian ireki zen Nazio Batzuetan Pertsona Nagusien Urtea, "Adin guztietarako gizartea" lelo hartuta. "Guztiontzako diseinua" izango duen gizartea abiapuntu izateko lan egin da; pertsona guztiengan pentsatuz sortu eta produzitu eta ohiko jotzen diren gaitasun, autonomia edo abilezia fisiko, psikiko edo sentsorialik ez duten pertsona guztien behar edo zailtasun bereziak kontuan izatea. Diseinu horrek orokorra izan behar luke eguneroko bizitzako arlo guztietan, publiko eta pribatuan. Baina "guztiontzako diseinu horrek" pertsona guztien eskubide berdintasunean oinarritutako filosofia izan beharko du lehenik eta behin. Eta aurrez, balizko erabiltzaileei kontsulta egin beharko zaie, eurek adieraziko baitute ondoen zer behar, zailtasun edo muga izaten dituzten. Begirunea, arreta eta maitasuna dira gure zaharrekiko harremanean zaindu beharreko oinarrizko printzipioak. Beren une psiko-fisikoa, erritmoa, balore eta kontzepzioak, portaera, desio eta nahiak errespetatzea, bizitza antolatzeko duten modua errespetatzea. Horrek ez du esan nahi gauza guztietan ados egon behar dugunik eta aztertu egin beharko genuke desadostasun horiek gazteagoen bizitzan duten eraginaren muga. Kontsentsua da modurik egokiena. Hala ere, zaharrek eskubidea dute nola bizi nahi duten erabakitzeko, muturra sartu eta gure irizpideak inposatzea botere-gehiegikeria eta beren askatasuna ez errespetatzea bailitzateke. Adinekoarenganako arretaren oinarri gisa, funtsezkoa da modu ireki eta positiboan entzuten jakitea, epairik eta aurreiritzirik gabe. Horretarako ezinbestekoa da nola dagoen entzuteko denbora, nola bizi den, zer nahi duen, zer gustatzen zaion, eta bere oroitzapen eta esperientziak nola bizi dituen jakiteko. Jarrera horrek ez du zerikusirik "aitonaren betiko kontuak entzutearekin". Hemen aipatzen dugun entzuteko modua gizatasunezkoa da eta estimazio, hurbiltasun eta lagundu nahiaren kutsua ditu. Aipatutako hiru printzipioetan azkenari dagokionez, maitasun dosi handia eman behar diegu zaharrei, adin horretan sekula baino gehiago estimatzen baita goxotasuna; sarritan, sentikortasun horren gainetik jartzen ditugu seriotasuna, lana, betebeharraren kontzeptu sakratua, aurreiritziak, herabetasuna eta lotsa. Baina ez gara ari norbere baitan bildutako maitasun txepelaz; gure aitona-amonei gertatzen zaienaz interesa azaltzen duen goxotasunaz baizik; begiruneaz, entzuteko gogoaz eta denbora eskaintzeko nahiaz. Eta hori igarri egiten da gure keinuetan, begiradan, hitz egiterakoan ahotsak duen goxotasunean. Baita, zergatik ez, laztanen bidez adierazten den maitasunean ere: eskua gainean jarri eta heltzea, distantzia urtzen duen besarkada, eta bakarrik ez dagoela eta maite dugula, baloratzen dugula sentiarazten dion musua.
Elkarrizketa eta elkarrizketa
Belaunaldien arteko elkarrizketa eta elkartasuna baliabide ordezkaezinak dira adineko pertsonen kultura aberastasuna aprobetxatu eta beren buruarekiko maitasuna hobetzeko, baita gizartean ahalik eta ondoen integratzeko oinarriak jartzeko ere. Zaharra izateak ez du oztopo izan behar zoriontsu izateko. Biderik onena zahartzaro osasuntsurantz joatea litzateke. Zahartzea ez da gaixotzearen sinonimoa (noiztik aurrera gara zaharrak?, hirurogei, hirurogeita hamar urterekin?, zergatik?). Gainera, gure garaiaren erronketako bat luzaroago bizi izatea da, baina baita hobeto bizi izatea ere. Pertsona baten adina gorabehera, "bizitzarekiko duen interesa" da bizi izateko faktore garrantzitsuena eta hori ez dago norbere baitan bakarrik; bizitzako sare sozialen baitan ere badago. Pertsona nagusiekiko harremanen oinarri-oinarrian elkartasuna eta gertatzen zaienagatiko interesa izan behar da. Daukagunik onena jarri behar dugu eta zailtasunak hobetzeko aukera bihurtzen jakiteko trebezia eskuratu. Hau da, arazoak aukera gisa eta pertsona moduan hobetzeko bitarteko gisa ikusten jakitea da. Eskarmentuaren heldutasunak esaten digu bizitzan zehar agertzen diren eragozpenek ezin dutela gure garapena oztopatu; aitzitik, gure sormenaren mugak zeintzuk diren aztertzera gonbidatzen gaituzte, edo, P. Freirek esango lukeen moduan, egokitzen baino, aldatzen ari garen izakiak garela ohartzera garamatzate. Haserreak eta jarrera negatibo eta ezkorrak zein kaltegarri diren konturatzera.
Iturria Consumer aldizkaria