V Ingurumen Ipuin Lehiaketa

Ikastolako Ingurumen Batzordeak honako jarduera proposatzen dizue:

IDAZTEA GUSTOKO DUZU? BURUAN ISTORIO  HARRIGARRIAK AL DITUZU BUELTAKA? CRISTINA ENEAKO V. INGURUMEN IPUIN LEHIAKETAK ZURE IRUDIMENAK ASMA DITZAKEEN ABENTURA GUZTIAK PAPERERA EKARTZEKO AUKERA ESKAINTZEN DIZU.

Aurten proposatzen dizugun gaia ELIKADURA ETA INGURUMENA da, ondorengo galderari erantzunez: Mundua jango al duzu?

Hedabideek behin eta berriz gogoratzen digute gure planeta kontsumitzen ari garela, kontsumo maila honi eutsiz gero, bere baliabide guztiak xahutuko ditugula, eta horrek harreman zuzena du elikatzen garen moduarekin. Erosten ditugun elikagaiek, beren jatorriak, garraioak eta kontserbazioak, erosteko moduek, lekuek eta nork hazi dituen, zein soldataren truke… horrek guztiak eragina dauka bertako nahiz mundu osoko ingurumenarekin, era baikorrean edo ezkorrean. Baina era berean, ipuin bat idazteko abiapuntua izan daiteke… Kaliforniako intxaur baten abenturak Donostiako saltoki batera iritsi arteko bidaian, herrixka txiki batek bere basoa laborantza-eremu erraldoi baten eraikitzetik defendatzeko abiatzen duen borroka, baratza ekologiko bat sortzen duten lagun batzuren adiskidetasuna edota espagetiak, zainzuriak eta ziazerbak jatea besterik nahi ez zuen mutikoaren istorioa…

Parte hartzeko, zure kategoria aurkitu!!

A: Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailak. Euskaraz.

B: Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailak. Gaztelaniaz.

C: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1, 2, 3 eta 4. mailak. Euskaraz.

D: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1, 2, 3 eta 4. mailak. Gaztelaniaz.
Jada aurkitu al duzu? Ba orduan hauek dira eman behar dituzun pausoak:

· Lehenik eta behin, ipuina idatzi, noski! Bi eta lau orri artekoa, eskuz, idazteko makinaz nahiz ordenagailuz idatzia eta ZURE TUTOREARI EMAN orri batan zure datuak jarriaz (izen-abizenak, eskola-maila, ikastetxearen izena eta telefono zenbakia, eta zure ipuina lehiaketako zein kategoriatan lehiatzen den, A, B, C edo D)..

Gogoratu ipuina tutoreari  ekartzeko azken eguna 2013ko maiatzaren 6a, astelehena, dela beraz… azkar ibili!

Eta zure istorioa zure mailako onena bada sari eder bat irabaziko duzu. 2013ko ekainaren 9an ospatuko dugun ekitaldian irabazlea zaren jakingo duzu. Gainera, Cristina Enea Fundazioak aurkeztutako ipuinen arteko aukeraketa argitaratuko du. Eta zure istorioa aukeratutakoen artean baldin badago, zure ipuina liburu dotore batean ikusiko duzu! Askatu barnean duzun literatura-gosea!

Informazio gehiagorako: http://www.cristinaenea.org/